Errenta aitorpena euskaraz egiteko kanpaina abiaraziko du Debako Udalak, GFA eta UEMArekin elkarlanean
2025ko martxoaren 28aIaz Deban egin ziren errenta aitorpenen ia heren bat euskaraz egin ziren eta datozen urteei begira zifra hori handitzen jarraitzeko 2024ko errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egin die Debako Udalak herritarrei. Gipuzkoan apirilaren 1etik aurrera ekingo zaio kanpainari.
Herritarrek aitorpena euskaraz egin dezaten animatzeko kanpaina abiarazi du Debako Udalak, UEMArekin elkarlanean. Aurtengoan, iaz bezala, kanpaina hau, GFAk sustatutako ‘Ogasunarekin euskaraz! kanpainaren bidelagun eta osagarri izango da. Gipuzkoan apirilaren 1etik aurrera ekingo zaio kanpainari.
Errenta aitorpena egiteko bideak eta datak
Gaur egun errenta aitorpena aurkezteko hiru bide daude eta guztietan erabil daiteke euskara:
Auto-likidazio proposamena. Jasotako proposamena onartzerakoan, euskaraz egin nahi duzula esan eta aurrerantzean Ogasunak agiriak euskaraz bidaliko dizkizu.
Mekanizatua. Errenta mekanizaturako hitzordua hartzerakoan, Ogasunarekin harremanak euskaraz izan nahi direla adierazi behar da. Ogasunarekin bulegoko aurrez aurreko harremanak, nahiz telefono edo Internet bidezkoak euskaraz egin daitezke. Horrez gain, Ogasunak sinatzeko duen orria ere euskaraz jaso daiteke.
Internetez, Zergabidea atariaren bitartez. Errenta aitorpena Internetez edo bulegoan bertan egin nahi dutenek errenta programaren euskarazko bertsioa jaitsi Internetetik eta hobetsitako hizkuntza atalean euskara aukeratu behar da. Aholkularitza edo finantza erakunde batean egiten baduzu, euskaraz egiteko eska daiteke. Beste modu batean egiten bada (finantza erakunde batean, adibidez), euskaraz egiteko eska daiteke.
Urtero euskaraz egindako aitorpen kopurua handitzea helburu
Urtez urte, gero eta gehiago dira errenta aitorpena euskaraz egiteko hautua egiten duten herritarrak. Euskararen normalizaziorako bidean udalerri euskaldunak egiten ari diren pausu bat gehiago da errenta aitorpena ahalik eta herritar gehienek euskaraz egitea.
Deban, esaterako, 2024an (2023ko ekitaldikoak) egin ziren 3.114 errenta aitorpenetatik ia heren bat (925) euskaraz egin ziren. Horri jarraiki, aurten eta datozen urteei begira, helburua da herritarrek administrazioarekin dituzten harremanak euskarazkoak izan daitezen bultzatzea eta zifra hori, urtez urte, handitzen joatea.
Hori horrela, Debako Udalak euskararen aldeko keinu hau egitera gonbidatzen ditu herritarrak eta errenta aitorpena euskaraz egiteko deia egiten die.