Euskal Kostaldeko Geoparkeak ‘Flyscha haurrekin’ bisita berria gehitu dio urteko bisiten programari

2025ko martxoaren 21aEuskal Kostaldeko Geoparkeak ‘Flyscha haurrekin’ bisita berria gehitu dio urteko bisiten programari

Lurraldearen balio natural, geologiko eta kultural garrantzitsua ezagutzera emateko prestatu duen bisita gidatuen programa berria aurkeztu du Euskal Kostaldeko Geoparkeak, Mutrikun. Honenbestez, urte osoan zehar Deban, Mutrikun eta Zumaian eskaintzen diren bisiten inguruko berritasunak plazaratuta, denboraldi berriari ekin dio Geoparkeak.

Hemendik aurrera eta Aste Santuko oporren atarian, Geoparkeak bisita gidatuak eskainiko ditu ia egunero. Urte bukaera arte, ohiko bisita gidatuez eta norbere kabuz egiteko moduko ibilbideez gain, Geoparkeak berritasun bat eskainiko du: ‘Flyscha haurrekin’ bisitaMineralak eta flyscheko fosilak ezagutzeko tailerra eta itsas-zeharkaldia 4-12 urte bitarteko umeei zuzenduta dago eta bi ordu eta erdiko iraupena du. Urria amaiera bitartera, larunbat arratsaldero eskainiko da, eta uda sasoian, berriz, astean birritan.

Etxeko txikienek mineralak eta fosilak ezagutzeko hainbat jolas eta eskulan egingo dituzte, ordubete inguruz, eta Mutrikuko amonite erraldoien sekretuak ezagutzen aritu ondoren, itsasontziz zeharkaldia egitera abiatuko dira. Flysch beltzaren labar ikusgarriak itsasontzitik eta bertatik bertara ikusteko aukera izango dute, Mutrikuko portua eta Saturrarango hondartza ederraren artean dagoen gunean.

Geoparkean, guztira, 15 bisita gidatu desberdin daude aukeran eta urtean zehar milatik gora bisita inguru eskainiko dira. Bisita gidatuak euskaraz eta gaztelaniaz egiten dira, eta eskaera handiagoa den irteeretan audio gidak daude eskuragarri ingelesez, frantsesez eta baita alemanez ere. Proposamen horiek guztiak bisita gidatuen liburuxkan daude jasota zeina eskuragarri dagoen Euskadiko turismo bulegoetan. Geoparkearen webgunearen bidez jaso daiteke informazio osoa, baita erreserbak online egin ere.