Euskarazko irakurketa kluba Ostolaza Udal Liburutegian: Maus

2024ko urriaren 22aEuskarazko irakurketa kluba Ostolaza Udal Liburutegian: Maus

Datorren urriaren 30ean, arratsaldeko 18:00etan, euskarazko irakurketa klubaren saio berria jasoko du Debako Ostolaza Udal Liburutegiak. Bertan, parte-hartzaileek Pulitzer sariaren irabazledun Art Spiegelman idazle estatubatuarrak idatzitako "Maus: bizirik irtendako baten kontakizuna" lanaren inguruan hausnartzeko aukera izango dute. Asier Serrano idazle eta musikariak dinamizatuta, azken urteotako eleberri grafiko garrantzitsuenetariko honen inguruko hausnarketa eta analisirako gunea eskainiko du irakurketa klubaren saioak. 

Maus, jatorriz bi zatitan argitaratu zen, 1986 eta 1991 artean eta Holokaustoaren historia jasotzen du, idazlearen aitaren esperientzian oinarrituta. Vladek Spiegelman (Art-en aita, alegia), nazien kontzentrazio eta sarraski-esparruetatik bizirik irtendako judu poloniarra izan zen. Hala, Mausek, berezitasun moduan, komiki formatuan heltzen dio gai gordin honi juduak sagu gisa eta naziak katu gisa irudikatuz, bien arteko metafora indartsu bat sortuz. Liburuan zehar, Spiegelmanek aita-semeen arteko harremana sufrimenduarekin eta bizirauteko borrokarekin lotzen ditu, iraganeko izugarrikeriak zein ondorengo belaunaldietako ondorio emozionalak jorratuz.

Modu horretara, euskarazko irakurketa kluba ez da soilik Mausi buruzko iritziak partekatzeko gunea izango, baita Debako herritarren artean kultura eta literatura trukea sustatzeko gunea ere. Izan ere, irakurketa klubak irakurketa kritikoa eta irakurleen arteko elkarrizketa sustatzeko tresna egonkorra bilakatu dira, aberastasun pertsonal eta kolektiborako giro aproposa sortuz.