Munduko Ondarearen Nazioarteko Eguna dela eta, Debatik Sasiolako komentura txango gidatua azaroaren 17an

2019ko azaroaren 8aMunduko Ondarearen Nazioarteko Eguna dela eta, Debatik Sasiolako komentura txango gidatua azaroaren 17an

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Donejakue Bidea ezagutzeko bisitak antolatu ditu, azaroaren 17an, 23an eta 30ean. Munduko Ondarearen Nazioarteko Eguna dela-eta antolatuak, Debatik, Markina-Xemeinetik eta Gatzaga Buradonetik abiatuko dira.

Datorren azaroaren 16an ospatzen den Munduko Ondarearen Nazioarteko Eguna dela eta, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, bigarren urtez jarraian, azaroko asteburuetan zehar Euskadiko Donejakue Bidea ezagutzeko bisita gidatuen programa antolatu du. Bisita horiek azaroaren 17an, 23an eta 30ean izango dira.

Oraingo honetan, Donejakue Bideak duen kultura-ondare aberatsa ezagutarazteko asmoz, hiru ibilbide aukeratu dira, bat lurralde historiko bakoitzean: Deba eta Sasiolako Komentuaren arteko trazadura, Gipuzkoan; Barroeta dorrearen eta Markina-Xemeingo hirigunearen artekoa, Bizkaian; eta Gatzaga Buradonen hiribildu harresitua, Araban. Azken kasu honetan, jardunaldia osatuko da Bastidako hirigunea eta upategi bat bisitatuz.

Bisita gidatua Gipuzkoan

Lehen saioa, hilaren 17an, Gipuzkoan egingo da. Debako hirigunea ezagutu ondoren, bertaratzen direnek ibilaldi gidatu bat egingo dute Sasiolako komentu-ospitaleraino, Donejakue Bidearen zati ezezagun horrek ezkutatzen dituen altxorrak ezagutzeko asmoz. Tenplu interesgarri honetara bisita egin ondoren, autobusak taldea jasoko du, eta Mutrikuko Astigarribia auzoan geldialdia egingo du, Deba ibaiaren beste ertzean, hain zuzen ere.

Gidekin batera

Bisita gidatuen programa honen bidez, Euskadin Donejakue bidean dauden ondare-elementu interesgarriak ezagutarazteaz gain, parte-hartzaileak erromes bihurtu ahal izango dira egun batez, eta gida espezializatuen eskutik, bidearen zatirik garrantzitsuenetako batzuk ezagutu ahal izango dituzte.

Sasiolako komentu-ospitalera joateko txangoa Alex Turrillas historialari debarrak gidatuko du. 

Bisita guztiak doakoak dira, baina plazak mugatuak dira; beraz, erreserbak izena emateko ordenaren arabera egingo dira 695785715 telefono zenbakian edo info@donejakuebideaeuskadi.eus helbide elektronikoan.

Iturria: irekia euskadi