Gaurtik aurrera abian izango da San Roke jaietako txupinazoa jaurtiko duen pertsona fisiko edo juridikoa hautatzeko prozedura

2023ko maiatzaren 23aGaurtik aurrera abian izango da San Roke jaietako txupinazoa jaurtiko duen pertsona fisiko edo juridikoa hautatzeko prozedura

Maiatzaren 23tik ekainaren 23 arte, 2023ko San Roke jaietako txupinazoa jaurtiko duen pertsona fisiko edo juridikoa hautatzeko prozedura abian izango da. Prozedura horren baitan, fase ezberdinak egongo dira: hautagai-zerrenda proposatzea, hautagaitzak egiaztatzea eta hautatzea, bozketa eta emaitzak.

Txupinazoa jaurtitzeko proposamena aurkez dezake Deban erroldatutako pertsona fisiko (16 urtetik gorakoak) edota herriko tokiko elkarte kulturalak eta gastronomikoak. Pertsona fisikoek eta Elkarte eta/edo kolektibo horiek proposamen bakarra aurkeztu dezakete.

Aurkeztu nahi dutenek ondorengo dokumentazioa aurkeztu beharko dute: proposatzen den pertsona fisiko edo juridikoaren izena, eta zein eremutan lan egiten duen; eta Deba herriari egin dion ekarpenaren memoria txiki bat.

Hautagaitzak egiaztatzea:

Kultura batzordeak izendatutako epai mahaiak, aurkeztutako hautagaitzak eta horien merezimenduak aztertzeko, oinarrietan ezarritako baldintzak betetzen dituzten egiaztatuko dute. Ezarritako irizpideekin bat ez datozen proposamenak baztertu egingo dira.

Errekerimenduak betetzen dituzten proposamenen zerrenda uztaileko Kultura Batzordean aurkeztuko dira; bertan, mahaian ordezkatuta dauden elkarteek eta kolektiboek (bakoitzeko bat) 5 hautagaitza aukeratuko dituzte.

Bozketa:

Ekaineko Kultura Batzordean egindako aukeraketa kontutan izanda, herri-bozketara pasatuko dira. Zerrenda hori udal web orrian argitaratuko da.

Uztailean, Debako Udalak herritarrek parte hartzeko epea irekiko du. Deban erroldatutako eta 16 urtetik gorako pertsona bakoitzak boto bakarra eman ahal izango du.

Emaitza:

Herri-bozketan boto gehien jasotzen duen pertsona fisikoa edo erakundea izango da San Roke jaiei hasiera emateko txupinazoa jaurtiko duena. Emaitza hori jaietako egitaraua aurkezten den egunean jakinaraziko da.

Bi proposamen irabazleren edo gehiagoren arteko berdinketa egonez gero, San Roke jaietako txupinazoa batera botatzea proposatuko da.

Batzordean adostasunik ez badago, baliozko proposamenik aurkezten ez bada, San Roke jaietako txupinazoa botako duen pertsona, alkatea izango da.