Gizarte Zerbitzuen elkarteentzako laguntza deialdia ireki du Debako Udalak

2024ko azaroaren 15aGizarte Zerbitzuen elkarteentzako laguntza deialdia ireki du Debako Udalak

Guztira, 4.000 euroko aurrekontua bideratuko da Debako eta Debabarrenako gizarte zerbitzuen elkarteen jarduerak sustatzeko eta helburua izango da, bereziki, bazterketa-arriskuan edo menpekotasunean dauden pertsonen integrazioa bultzatu eta, herritarren partaidetza eta boluntariotza sustatzen dituzten proiektuak laguntzea. Eskabideak aurkezteko epea abenduaren 11ra bitarte egongo da zabalik eta interesdunek Udaleko Erregistro Orokorrean edo udalaren egoitza elektronikoaren bidez aurkez ditzakete eskaerak.

Debako Udalak Gizarte Zerbitzuen arloan jarduten duten elkarteei zuzendutako dirulaguntzen 2024ko deialdia ireki du, gizarte-bazterkeria, boluntariotza eta herritarren arteko elkartasuna sustatzeko helburuarekin. Dirulaguntzen deialdi honetarako 4.000 euroko aurrekontua bideratuko da. 

Dirulaguntza hauek gizarte zerbitzuen esparruan Deban edota Debabarrena eskualdean jarduten duten elkarteen jarduerak babesteko dira. Hala, dirulaguntza hauek jasotzeko elkarteek aurkeztutako proiektuak, nagusiki, kolektibo baztertuak, menpekotasun-egoeran daudenak edo gizarte-laguntzaren beharra duten pertsonak artatzera, prebenitzera eta gizarteratzera bideratuta egon beharko dute. Gainera, partaidetza eta boluntariotza sustatzen dituzten proiektuak ere diruz lagunduko dira.

Baldintzak eta prozedura

Esan bezala, dirulaguntza deialdia Debako udalerrian edo Debabarrena eskualdean jarduten duten irabazi-asmorik gabeko elkarteei zuzenduta daude. 

Hala, interesdunek abenduaren 11a bitarte izango dute eskaerak aurkezteko, Udaleko Erregistro Orokorrean edo Udalaren egoitza elektronikoaren bidez. Dokumentazioarekin batera, elkartearen inskripzio ziurtagiria eta jardueren deskribapena aurkeztu beharko dira.

Onartutako dirulaguntzen %80a ematean ordainduko da, eta gainontzeko %20a proiektua gauzatu ondoren aurkeztutako memoria eta gastuen justifikazioaren bidez ordainduko da. Proiektuaren txostena eta justifikazioa ez badira aurkezten, dirulaguntza automatikoki galduko da.

Deialdi honi buruzko informazio gehiago nahi duten elkarteek Debako Udalaren webgunean dituzte oinarriak eskuragarri.