Iñaki Sagarna eta Lander Aranberri debarrak izan dira ‘Tene Mujika 2024’ bekaren irabazleak

2025ko urtarrilaren 15aIñaki Sagarna eta Lander Aranberri debarrak izan dira ‘Tene Mujika 2024’ bekaren irabazleak

Bi gazte debarrek euskaldunek Israel-Palestina auziaren aurrean izandako bilakaera aztertuko dute proiektu honekin.  Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak sustatutako ekimen honek Euskal Herriko historia hurbilaz idazteko ez-fikziozko proiektuak saritzen ditu eta aurten, berrikuntza gisa, 6.000€tik 8.000€ra zabaldu da bekara bideratutako dirulaguntza.

Tene Mujika bekaren XIX. edizioak baditu jada irabazleak: Iñaki Sagarna eta Lander Aranberri debarrak, hain zuzen. Izan ere, aurten aurkeztutako proiektuen artean Sagarna eta Aranberrirena eman du irabazletzat Kristina Berasainek, Eneko Bidegainek eta Cira Crespok osatutako epaimahaiak, eta orain urtebeteko epea izango dute sarituek lana burutzeko, gero liburu gisa argitara dadin.

Zehazki, “Eretz-Herria: euskal erresistentziaren Israel-Palestina auziarekiko begirada 1950-1980 urteen artean” du izenburua ikerlarien proiektuak eta bertan aztertu nahi dute euskal mugimendu abertzaleak (bere espresio politiko desberdinetan) nola ikusi izan duen gatazka hori, Israelgo estatuaren sorreratik XX. mendearen azken hamarkadetara. Arreta berezia eman nahi zaio kultur munduari; izan ere, hebreeraren biziberritzeak lilura eta  jakin-min galantak sortu zituen garai bateko euskaltzaleen artean, baita kibbutz-en mugimenduak ere.

Iñaki Sagarna (Deba, 1995) historian graduatua eta masterduna da, ikerketak egiteko hainbat sari eta laguntza jasotakoa eta Lander Aranberri (Deba, 1996) Zuzenbidean graduatua da, abokatutzan eta nazioarteko ikasketetan masterduna eta hainbat publikaziotan nazioarteko gaietan kolaboratzailea. 

Tene Mujika beka

Beka hau Debako Udalaren eta Elkar argitaletxearen arteko elkarlanaren emaitza da, eta Euskal Herriko historia hurbilaren alderdiak jorratzen dituzten ez-fikziozko proiektuak babestera bideratuta dago. Horrela, Tene Mujika bekak Debako Udalak eta Elkar argitaletxeak literatur sorkuntzarekin eta ikerketa historikoarekin duten konpromisoa islatzeaz gain, azken aldiko euskal historiaren ezagutza zabaltzea eta euskal literatura aberastea du helburu nagusi.