Janari-soberakinak aprobetxatzeko sukaldaritza jasangarriko tailerra Deban

2025ko otsailaren 3aJanari-soberakinak aprobetxatzeko sukaldaritza jasangarriko tailerra Deban

Martxoaren 3tik apirilaren 9ra, astelehen eta asteazkenetan, Ozio-bide elkartean egingo da tailerra, euskaraz eta doan. Izen-ematea otsailaren 3tik 14ra egongo da zabalik, Debako Turismo bulegoan edo 943 19 24 52 telefonora deituz.

Debako Udalak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta CEBANCe-ren lankidetzarekin, sukaldaritza tailerra antolatu du, herritarrei "0 alferrik galtzea" filosofiak duen garrantziaren inguruan kontzientziatzeko, horretarako elikagaien soberakinak modu eraginkorrean eta sortzailean aprobetxatuz. Ekimen honen helburua da, beraz, eguneroko bizimoduan hondakin gutxiago sortzeko ohitura onak sustatzea eta elikadura jasangarriago baten alde urratsak ematea.

Tailerra martxoaren 3tik apirilaren 9ra egingo da, eta saioak astelehen eta asteazkenetan izango dira, arratsaldeko 17:00etatik 19:30era, Ozio-bide elkartean.

Izen-ematea eta baldintzak

Tailerra euskaraz eskainiko da eta guztiz doakoa izango da. Interesa dutenek otsailaren 3tik 14ra bitartean izena eman ahal izango dute Debako Turismo bulegoara bertaratuz edo 943 19 24 52 telefonora deituz.  Tailerrean parte hartzeko beharrezkoa izango da 16 urte baino gehiago izatea, Deban erroldatuta egotea eta saioen %80ra bertaratzea bermatzea.

Era berean, taldea gutxienez 8 edota gehienez 15 lagunez osatuko da eta parte-hartzaileak zozketa bidez aukeratuko dira. Plaza lortu ez dutenekin itxaron zerrenda bat sortuko da.. 

Ikastaroaren bitartez, elikagaien hondakinak murrizteko estrategiak eta jardunbide egokiak ikasiko dira, horien bidez platerak sortzeko modu berritzaileak sustatuz.