Kirola protagonista izango da asteburuan Deban
2025ko martxoaren 18aMartxoaren 22an, larunbata, kadete mailako gazteei zuzenduriko XXXIII. Deba Saria txirrindularitza proba ospatuko da eta 200 txirrindulari inguruk hartuko dute parte. Egun berean, halaber, Beñat Garciak lideratutako Fibromialgia Abordatzen ekimena ere igaroko da herritik; proiektu honek helburu du fibromialgia gaixotasunari ikusgarritasuna ematea.
Datorren larunbatean, martxoak 22, bi kirol ekitaldi garrantzitsu jasoko ditu Debak: Batetik, herria gazte txirrindularien topagune bihurtuko da, XXXIII. Deba Saria txirrindularitza probaren ospakizunarekin. Bestetik, Fibromialgia Abordatzen ekimenaren lekuko ere izango da Deba. Ekimen hau Gipuzkoa zeharkatzen ari den proiektu solidario eta kirolzalea da, eta helburu du gaur egun milaka pertsonen bizitzan eragiten duen fibromialgia gaixotasun kronikoari ikusgarritasuna ematea eta herritarrak sentsibilizatzea.
XXXIII. Deba Saria
XXXIII. Deba Sariak emango dio hasiera kirol jardunaldiari. Lehiaketa hau kadete mailako gazteei dago zuzenduta eta 200 txirrindulari inguru batuko ditu larunbatean.. Lasterketa 10:45etan abiatuko da Debako kaleetan barrena eta 12:05 inguruan amaituko da.
Sari banaketa Foruen Plazan egingo da, 13:15 eta 13:45 bitartean; euria eginez gero, ekitaldia Udaletxeko arkupeetan izango da.
Trafiko etenak, txirrindularitza proba dela eta
XXXIII. Deba Sariaren ospakizunak trafiko etenak eragingo ditu. Esate baterako, goizeko 09:00-14:00 bitartean, ezingo da ibilgailuarekin alde szaharreko kaleetara sartu eta lasterketa N-634 errepidetik igaroko denez, larrialdi arrazoiengatik izan ezik, ibilgailuek ezin izango dute bertan kokatuta dauden garajeetara sartu edo irten lasterketa amaitu bitartean.
Fibromialgia Abordatzen
Aipatu bezala, egun berean, Fibromialgia Abordatzen ekimena Debatik pasako da. Proiektu honek fibromialgia gaixotasuna, giharretako min orokorra eragiten duen gaixotasun kronikoa, ezagutaraztea du helburu. Beñat Garcia da ekimenaren sustatzailea eta Gipuzkoa zeharkatzeari ekingo dio ostiralean, martxoak 21, Donostiatik Asteasurako ibilbidean herri desberdinak zeharkatuz, horie artean, Deba. 13:00etan helduko da udalerrira eta nahi duenak Debatik egingo duen korrikaldiarekin bat egin ahal izango du, norberak bere gaitasunen arabera.
Fibromialgia Abordatzen ekimenaren informazio karpa bat ere jarriko da Deban, Plaza Zaharrean hain zuzen ere. Bertan, jertse zein kamisetak izango dira eskuragarri eta gaixotasunaren inguruko informazioa ere eskainiko da, herritarrak sentsibilizatzeko.