LGTBIfobiaren aurka Debako Udalak adierazpena onartu du

2023ko maiatzaren 17aLGTBIfobiaren aurka Debako Udalak adierazpena onartu du

Maiatzaren 17a LGTBIfobiaren aurkako eguna da, eta Debako Udalak egun honi lotuta adierazpena aho batez onartu zuen apirilaren 27an egin zen ohiko osoko bilkuran.

Gaurko egunarekin, LGTBIfobiaren aurkako eguna ospatzen da 1990az geroztik, egun hartan Osasunaren Munduko Erakundeak (OME) homosexualitatea gaixotasun psikiatrikoen zerrendatik kendu zuela eta.

Harrez gero, aurrerapauso batzuk eman dira legegintzan, gizarte mailan, baina, zoritxarrez, oraindik ere nabarmena da lesbiana, gay, bisexual, transexual, intersexual, … pertsona askoren eskubideak ez direla bermatzen, eta euren aurkako diskriminazioari aurre egiten jarraitu behar dugula gutako bakoitzak.

Debako Udalak ez du bazterkeriarik nahi, ez eta indarkeriarik, aurreiritzirik edota gorrotorik ere. Herritar libreak nahi ditu, norberak bere sexualitatearen, sexu identitatearen nahiz generoaren arabera bizitzeko askatasun osoa izan behar duelako, berdintasunean eta errespetuan oinarritutako gizarte batean.

Hori horrela, Debako Udalbatzak honakoa adierazten du:

1. Orientazio sexualean eta genero identitatean oinarritutako diskriminaziorik ez duela onartzen, ez eta indarkeriarik ere.

2. Lesbiana, gay, transexual, bisexual, transgenero eta intersexualek euren adierazpen afektibo-sexualak askatasun osoz bizitzeko eskubidea dutela.

3. Euskal gizarte inklusiboa eta askotarikoa aldarrikatzen duela, justuagoa, errespetuzkoagoa eta integratzaileagoa bilakatu dadin.

 4. Berdintasunerako eskubidearen eta sexu-orientazio eta generoagatiko diskriminaziorik ezaren alde lan egiten jarraituko duela, askatasuna, duintasuna eta giza eskubideak defendatzeko helburuarekin.