Mozorro lehiaketan parte hartzeko izen ematea otsailaren 2an zabalduko da

2024ko urtarrilaren 31aMozorro lehiaketan parte hartzeko izen ematea otsailaren 2an zabalduko da

• Debak otsailaren 9an, 10ean eta 13an ospatuko ditu inauteriak, adin ezberdinei zuzendutako jarduera programarekin • Mozorro lehiaketa otsailaren 10ean, larunbata, izango da eta banaka edo taldeka parte hartu ahal izango da. Izena emateko, deitu 943 192 452 telefonora edo idatzi turismoa@deba.eus helbidera.

Deba kolorez eta alaitasunez beteko da aurten ere Inauterietan. Aurten otsailaren 9, 10 eta 13an izango dira, publiko guztiarentzako hainbat jarduerarekin. Ostiralean, otsailak 9, Debako Musikaleko ikasle eta irakasleek kalejira egingo dute herriko erdigunean 17:00etatik aurrera. 18:30ean karaokea izango da udaletxeko arkupeetan Kolore Anitz taldearen eskutik. Egun nagusia larunbata izango da, eta festak asteartean, otsailak 13, jarraituko du, Gaztelekuak Aldats pilotalekuan 17:00etatik aurrera antolatutako Talent Show-arekin.

Mozorroen lehiaketa, larunbatean

Inauterietako jarduera garrantzitsuenetako bat larunbatean, otsailak 10, ospatuko den mozorro lehiaketa izango da. Eguna txistularien dianarekin hasiko da, 10:00etatik aurrera. Mozorro desfilea 12:30etan izango da, Agirre Jauregian hasi eta Foruen plazan bukatuz.

Arratsaldean txikienek Chef Nature antzezlanaz gozatzeko aukera izango dute Plaza Zaharrean, 17:30etatik aurrera. Nozz Elektrotxarangak herriko kaleak girotuko ditu 19:30etik aurrera, eta ordu erdi geroago, 20:00etan, mozorro lehiaketaren sari banaketa egingo da Foruen Plazan.

Izen-ematea otsailaren 2tik aurrera

Mozorro lehiaketan izena emateko epea otsailaren 2an hasiko da, eta otsailaren 10era arte luzatuko da . Otsailaren 2tik 9ra, izena Turismo Bulegoan eman behar da, 943 192 452 telefonora deituz edo turismoa@deba.eus helbidera idatziz. Azkeneko momenturako uzten dutenek, berriz, otsailaren 10ean bertan eman ahal izango dute izena lehiaketan, 11:00etatik 12:00etara, Foruen Plazan, agertokiaren ondoan jarriko den mahaian.

Banaka edo taldeka parte hartu ahal izango da, baina bi kasuetan, bai taldeek bai banaka izena ematen duten pertsonek argazki bat atera beharko dute desfilearen amaieran Foruen plazan jarritako agertokiaren gainean. Mozorroen gaia librea da.

Epaimahaia eta herritarren bozketa

Saritutako mozorroak epaimahaiak eta herritarrek aukeratuko dituzte. Guztira zortzi sari egongo dira, lau modalitate bakoitzeko: 16 urtetik gorakoak taldean eta bakarka, epaimahaiaren eta publikoaren sariarekin; eta 16 urtetik beherakoak taldean eta bakarka, epaimahaiaren sariarekin eta publikoaren sariarekin. Sariak 50 eta 300 euro bitarteko diru-zenbatekoak izango dituzte, Alvarez, Izenbe, Zalburdi eta Lorea tabernetan erabiltzeko. Sari bakarra irabazi ahal izango da, eta sari bakoitzean esleitutako kopurua eta saria zein tabernatan erabili behar den ezartzen da.

Debako biztanleek gustukoen duten mozorroa aukeratu eta bere alde bozkatu ahal izango dute 14:00etatik 15:00etara, udaletxearen azpian jarriko diren hautestontzietan. 16 urtetik gorakoek bakarrik eman ahal izango dute botoa, eta mozorro indibidualak eta kolektiboak bozkatu ahal izango dira.