Tokiko merkataritza eta ostalaritza indartzeko 2024-25 bonu kanpaina abiatu du Debako Udalak
2024ko abenduaren 10aLehen urrats gisa, parte hartu nahi duten herriko establezimenduentzako izen emate epea ireki du; hala, interesdunek beranduenez abenduaren 16rako atxiki beharko dute kanpainara, Turismo Bulegoan izena emanez. Kanpainak tokiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektoreak babestea eta tokiko kontsumoa sustatzea du helburu, horretarako erosketetan herritarrei deskontuak eskainiz.
Debako Udalak 2024-2025 bonu kanpaina abiatu du udalerriko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu sektoreko establezimenduetan kontsumoa sustatzeko, ehun ekonomikoa sendotzeko eta herriko negozioetako kontsumoa indartzeko helburuz. Ekimena 2023-27 Gobernu Planarekin lerrokatuta dago, tokiko merkataritza eta ostalaritza dinamizatu eta bultzatzeko apustuarekin eta konpromisoarekin bat eginez.
Asier Urain Lurralde, Turismo eta Ekonomia Sustapen zinegotziaren hitzetan: "Kanpaina honek Debako merkataritza eta ostalaritzarekin dugun konpromisoa berresten du. Debarrek tokiko kontsumoaren aldeko apustua egitea eta gure negozioak protagonista izatea bultzatu nahi dugu, are gehiago Gabonen atarian gauden honetan, garai honetan nabarmen areagotzen baita produktu eta zerbitzu desberdinen kontsumoa. Gure udalerrian ekonomia indartsuagoa eta iraunkorragoa lortzeko beste urrats bat da hau".
Tokiko kontsumoa sustatzea, helburu nagusia
Kanpainaren helburu nagusia da, beraz, Debako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektoreak dinamizatzea eta Debako kontsumoa sustatzea. Hala, ekimenaren bitartez, inpaktu positiboa eragin nahi du Udalak bai establezimendu parte-hartzaileengan baita kontsumitzaileengan ere, horretarako debarrak kanpainara atxikitako establezimenduetan erosketak egitera animatuz.
Establezimenduentzako izen-ematea zabalik
Bonu kanpaina aktibatzeko lehen urrats gisa, Udalak izena emateko epea ireki du parte hartu nahi duten establezimenduentzat. Negozio interesdunek Udalaren webgunean dagoen eskabide-orria bete eta Turismo Bulegoan aurkeztu beharko dute, beranduenez, abenduaren 16rako.
Kanpainan parte hartu ahal izango dute gehienera 10 langile dituzten Debako merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuen sektoretako denda, zerbitzu eta negozio guztiak. Kanpainatik kanpo gelditzen dira azalera handiko establezimenduak, frankiziak, gasolindegiak eta jokoari lotutako negozioak.
Udalak abenduaren 18an argitaratuko du parte hartuko duten establezimenduen zerrenda, eta, aldi berean, kanpainari, bonuen erosketari eta funtzionamenduari buruzko xehetasunak emango ditu. Kanpaina bere horretan, abenduaren 19an hasiko da.
Informazio gehiagorako
943 19 24 52 - www.deba.eus – turismoa@deba.eus