Uda-denboraldiaren kudeaketaren inguruko argibideak Osoko Bilkuran

2024ko ekainaren 28aUda-denboraldiaren kudeaketaren inguruko argibideak Osoko Bilkuran

Alkateak argitu egin zituen EH Bilduk azken asteetan egindako adierazpenak eta azpimarratu zuen une oro gardentasunez eta seriotasunez jardun dutela herritarrei zerbitzuak bermatzeko. Kostaldeko herrietako alkateek egindako adierazpenaren harira, alkateak azpimarratu zuen Udalak behin baino gehiagotan adierazi duela sorospen zerbitzuari irtenbidea eman behar zaiola eta alderdikeriak albo batera utzita, elkarrekin adierazpen bateratua egitearen alde egin duela beti.

Ekaineko atzoko Osoko Bilkura baliatu zuen Udal Gobernuak uda-denboraldiaren kudeaketaren harira azken asteetan sareetan eta komunikabideetan EH Bilduk egindako adierazpenen aurrean hainbat ardibide emateko. 

Alazne Txurruka alkateak adierazi zuen EH Bilduk udal arduradun politikoen kudeaketa txarra azpimarratzeko erabilitako argudioak ez direla egia ez eta gertatukoaren isla. 

Udal gobernuak uda-denboraldia behar bezala abiarazteko, bi zerbitzu desberdin jarri behar izan dituela martxan azaldu zuen. Toldoen zerbitzua, batetik eta sorosleena bestetik. “Biek kudeaketa lan sakona eskatu dute eta horien berri eta egin ditugun urratsen berri izan du une oro  EH Bildu taldeak” gaineratu zuen alkateak. 

“Askotan kontrakoa adierazi badute ere- jarraitu zuen alkateak- gardentasuna nabarmena izan da kontu hauetan”. Txukurrak adierazi zuenez, urrian hasi zen udal gobernu taldea hondartzako toldoei irtenbidea eman nahirik negoziaketa prozesuan, eta aurten udalak zerbitzuaren kudeaketa bere gain hartu du eta toldoak erosi ditu behar bezalako zerbitzua bermatzeko, horretarako beharrezkoak diren kontratazioak eginda. 

Sorosleei dagokienez, Foru Aldundiak sorosleen kudeaketa bere gain hartuko ote zuen zain egon da gobernua azken unera arte, eta hau horrela izango ez zela ikusita, maiatzean atera zen hondartzen sorospen zerbitzuaren esleipena jendaurrera, udako denboraldia hasteko nahikoa denborarekin, eta aurreko urteetan gertatu bezala, aurten ere ez zen zerbitzu hau emateko inor aurkeztu. Udalak edozein preziotan zerbitzua atera ordez (aurreko urtean egin bezala), beste aukera batzuk aztertzeari ekin zion gobernuak eta egon zitezkeen irtenbideak baloratu eta berme guztiak eskainita, merkeagoa izan zitekeen aukeraren alde egin zuen. “Honek aurreko urtean sorosle lanetan aritu zirenekin negoziatu eta haien bitartez zerbitzua ematera eraman gaitu eta gauzak behar bezala egiteko beharrezko prozedura administratiboek astebeteko atzerapena suposatu dute hondartzen denboraldiaren hasieran, baina udal gobernuaren negoziatzeko gaitasunari esker, aurten iaz baino 36.000€ merkeagoa izango da sorospen zerbitzua” azpimarratu zuen alkateak. 

Gipuzkoako kostaldeko herrietako alkateek egindako adierazpenaren harira, Debako Udalak bere jarrera adierazi ez izana ere deitoratu du EH Bildu taldeak. “Kostaldeko herrietako alkateek baino, EH Bilduk alkatetza duen herrietako alkateek egindako adierazpenak dira aipatutakoak” esan zuen.

Honen aurrean, alkateak argi utzi nahi izan zuen Debako Udalak behin baino gehiagotan adierazi duela sorospen zerbitzuak herriari sortzen dion diru xahuketari irtenbidea eman behar zaiola, “ondo baino hobeto daki Debako EH Bilduko taldeko bozeramaleak Alkatea adierazpen hori egin duten herrietako alkateekin harremanetan jarri dela alderdikeriak alde batera utzi eta elkarrekin adierazpen bateratuak egitearen aldeko jarrera adierazteko” berretsi zuen. 

Udal gobernuak erabateko gardentasun eta seriotasunez diharduela lanean urte honetan guztian zehar azpimarratu zuen alkateak. “Informazioa behar den unean eta behar beste ematen zaio oposizioko taldeari, eta udal gobernua osatzen dugun kideetako bakoitzak erabateko seriotasun eta konpromezuarekin erantzuten dio udal honetan duen 

ardurari. Ez dugu, beraz, inolaz ere onartuko gure betebeharrak betetzen ez ditugula inork esatea, eta are gutxiago gure eginkizunak alde batera utzi eta beste zeregin batzuetan aritzen garela, dagokigun erantzukizuna beste batzuen bizkarrean utzita” esan zuen.

Alkateak, udal gobernuaren izenean, berretsi egin zuen Debarekin eta debarrekin orain urte bete hartutako konpromezua eta herriari emandako hitza.