Urtarrilean bueltan izango dira ongizate emozionalean eta autozainketan oinarritutako tailerrak

2024ko abenduaren 17aUrtarrilean bueltan izango dira ongizate emozionalean eta autozainketan oinarritutako tailerrak

Urtarrilaren 28tik apirilaren 8a bitartean sei saio praktiko eskainiko dira, parte-hartzaileei beren burua zaintzeko, autoestimua hobetzeko eta beren emozioez jabetu eta horiek partekatzeko espazio atsegin eta lagunkoia eskaintzeko helburuz. Izen ematea dagoeneko zabalik dago udeletxean bertan, 943 19 28 40 telefonora deituz edo berdintasuna@deba.eus helbidera idatziz.

Debako Udalak zaintza arloarekiko duen konpromisoa irmoa da. Horri lotuta, oraingoan ongizate emozionalean eta autozainketan jarri du azpimarra, osasun emozionala zaintzea eta emozioak kudeatzea oinarri funtsezkoak baitira ongizate pertsonala bermatzeko. 

Hala, urtarrilean bueltan izango da ongizate emozionalean eta autozainketan oinarritutako tailerra, parte-hartzaileei hausnarketarako, autoestima indartzeko eta egunerokoan baliagarriak diren tresnak ikasteko aukera eskainiz. 

Tailerra urtarrilaren 28an hasi eta apirilaren 8a bitarte luzatuko da eta sei saiotan banatuko da. Saio horietako bakoirza bi ordukoa izango da, 18:00etatik 20:00etara eta Ispiluen Gelan egingo dira. Lehen saioa urtarrilaren 28an izango da, eta jarraian, otsailaren 11n eta 25ean, martxoaren 11n eta 25ean, eta apirilaren 8an burutuko dira. 

Debako Udalak tailer hau eskaintzen duen bigarren aldia izango da eta oraingoan ere Saioa Garmendiaren gidaritzapean egingo dira. Garmendia ongizate emozionalean eta mindfulness-ean aditu da eta autozaintzarako eta emozioak kudeatzeko estrategiak eskainiko ditu.

Izen ematea zabalik

Izen-ematea doakoa da, eta interesdunek dagoeneko izena eman dezakete Udaletxean bertan, 943 19 28 40 telefonora deituz edo berdintasuna@deba.eus helbidera idatziz. Plazak mugatuak dira eta horrenbestez, ahalik eta azkarren izena ematea gomendatzen da. 

Tailerrei buruzko informazio gehiago lortu nahi izanez gero, bisitatu www.saioagarmendia.com webgunea.