Zaintza eredua aldatzeko beharrarekin bat dator Debako biztanleria
2024ko uztailaren 30aZaintza Ekosistema proiektu estrategikoaren baitan herritarrei zabaldutako inkesta erantzun duten herritarren %92ak zaintzaren inguruko kezka eta egungo eredua aldatzeko premia adierazi du. Bakardadea, askatasun galera, eragile zein baliabide ekonomiko falta edota zaintzaile direnen zaintza bera izan dira azaldutako kezka nagusiak; gehien errepikatutako eskaerak, aldiz, erakundeen gertutasuna, pertsonal gehiago edo adineko pertsonentzako egoitza egoki bat izan dira.
Debako Udalak abian du herriko zaintza ekosistema berritzailea sortzeko prozesua, adinekoak eta pertsona zaintzaileak erdigunean jarriz, adineko pertsonen beharrei modu integralean erantzuteko. Hala, Zaintza Ekosistemaren eraketa 2023-2027 Gobernu Planean jasotako lehentasunezko proiektu estrategikoa da udal gobernuarentzat, adinekoek eskura dituzten zerbitzuak eta euskarriak indartzeko eta haien beharrei modu proaktiboan eta egokian eta sentikortasunez erantzuteko.
Zaintza eredua aldatzeko beharrarekin bat
Zaintza ekosistema hori sortzeko bidean egiten ari den lanketari jarraiki, debarrei zuzenduriko inkesta zabaldu zuen Udalak orain hilabete, prozesuan parte hartzen ari diren herritar eta eragileez gain, debarren iritzi, kezka eta ekarpenak jasotzeko.
Ondorio nabarmen gisa, inkesta hori erantzun duten herritarren %92a bat dator Debako zaintza eredua aldatzearen premiarekin. Erantzunen gehiengoa 56 eta 65 urteko pertsonen artean batu den arren (%41), 36 urtetik hasita 75 urte baino gehiagoko pertsonek erantzun dute inkesta, gehiengoak emakumeak, debarrak eta bizitza guztia herrian egin dutenak. Inkesta erantzun duten herritarren erdia baino gehiago, %60 hain zuzen, bat dator baita ere, zaintza premiak asetzeko nahikoa laguntza jasotzen ez dutela edota zaintzaileek nahikoa laguntza jasotzen ez dutela adieraziz.
Bakardadea, askatasun galera edota baliabide pertsonal zein ekonomikoen falta, kezka nagusi
Inkestaren bitartez, gaur egun senideren bat zaintzan duten pertsonen edo zaintzaile direnen kezka nagusiak ere jaso nahi izan ditu Udalak. Horien artean kokatzen dira, besteak beste, bakardadea, askatasun galera, giza baliabide zein baliabide ekonomikoen falta, zaintza zerbitzua jasotzeko herritik at irten beharra, herriko kaleen egoera, zaintzaileen edota horien kontratuen egoera…
Era berean, premia nagusiengatik ere galdetu zaie herritarrei eta kasu honetan, erakundeen aldetik gertutasun eta inplikazio gehiago, giza baliabide zein baliabide ekonomiko gehiago edota Zaharren Egoitza bat dira jasotako eskaera nagusiak, baita Eguneko Zentroko arreta pertsonalizatuagoa edota eskaintza zabalagoa izatea ere.
Zaintza eredu berri baterantz lanean
Debako Udalak kezka eta behar horiei guztiei erantzuna emateko lan egiteko konpromisoa azaldu du eta Zaintza Ekosistema sortzeko bidean aintzat izango ditu inkesta honetan jasotako erantzun guztiak, helburu nagusia baita, hain zuzen, adineko herritarren bizi-kalitatea hobetzea, baina baita gizarte eta komunitate-sarea indartzea ere, adinekoen zaintza gizarte osoaren mesederako den erantzukizun partekatua dela erakutsiz.
Zaintza Ekosistemaren sorrerarekin, Deba zaintzen abangoardian izango da, aurrekari esanguratsu bat ezarriko baitu adineko debarren premiei arreta integrala emateko moduan.