2024-2034 Euskararen Plan Estrategikoa aurkeztu du Debako Udalak
2024ko abenduaren 15aPlanaren helburua da euskarari dagokionez 10 urte barru Debak non egon nahi duen zehaztea; helburu eta ekintza zehatzak jasotzen ditu dokumentuak, atal desberdinetan banatuta, helburu nagusi bati lotuta: udalerrian euskaraz bizitzen jarrai dezagula.
Debako Udalak 2024-2034 Euskararen Plan Estrategikoa aurkeztu du gaur. Plan hau epe luzerako proiektua da eta helburu du herrian zein herritarren artean euskararen erabilera eta zabalkundea sustatzen eta indartzen jarraitzea.
Izan ere, azken 30 urteetan, udalerriko euskaldunen ehunekoaren balio orokorra egonkor mantendu den arren (ziur asko eskolaren eraginez), beheranzko joera antzeman da lehen hizkuntzaren transmisioan (12 puntu gutxiago), baita etxeko erabileran ere (7 puntu gutxiago) eta kaleko euskararen erabilerak 2 puntu egin du behera. Hori dela eta, Plan honen bidez, datozen hamar urteetan Deban euskararen biziraupena eta zabalkundea bermatzeko hobekuntza-arloak eta beharrezko ekintzak identifikatu nahi ditu Udalak, euskararen erabilera udalerriko arlo eta eremu guztietan sustatzeko.
"Gaur euskararen etorkizunerako urrats garrantzitsua ematen ari gara Deban. Euskararen Plan Estrategikoarekin, euskara gure kultur-nortasunaren ardatza eta gizarte-kohesiorako motorra izaten jarraituko duela bermatu nahi dugu. Gure hizkuntzaren biziberritzean inbertitzeko garaia da, baita herritar guztiak horretan inplikatzeko garaia ere, etorkizuneko belaunaldiak euskara hizkuntza bizia, mintzatua eta egunerokoan modu naturalean erabiltzen den herri batean hezi eta hazi daitezen", adierazi du Alazne Txurruka alkateak.
Udalerrian euskara biziberritzeko proiektu integrala
Plana partaidetza-prozesu bitartez garatu da eta prozesu horretan parte hartu dute herriko gizarte, hezkuntza, kirol eta kultur eragileek; baita zenbait norbanakok ere eta hauek izan dira, hain zuzen, Plana jendaurrean aurkeztu dutenak.
Hala, Euskararen Plan Estrategikoa atal desberdinetan dago banatuta eta hainbat esku-hartze arlo jorratzen ditu, hala nola familia, eskola edo hezkuntza, aisia, kirola, kultura eta sentsibilizazioa. Multzo horietako bakoitzak datozen hamar urteetan inplementatuko diren helburu eta ekintza zehatzak jasotzen ditu, herritar guztien artean euskararen erabilera sustatzeko.
Familia: Etxean euskararen transmisioa sustatzea
Planak garrantzi berezia ematen dio familiari, lehenengo gizarte- eta hizkuntza-unitate gisa. Etxeetan euskaraz hitz egitea bultzatu nahi du Planak, belaunaldien arteko transmisioa sustatuz, gurasoak sentsibilizatuz eta euskararen sustapenean inplikatuz. Horretarako, familiei zuzendutako sentsibilizazio-jarduerak antolatuko dira, batez ere euskaraz hitz egiten ez dutenei zuzendutakoak. Horrez gain, euskarari buruzko hitzaldiak, euskarazko produktuen zabalkundea, eta etxean, familia-harremanetan eta eguneroko jardueretan hizkuntzaren erabilera sustatzen duten programak edo ekimenak ere antolatuko dira.
Eskola / Hezkuntza: Euskara ikasgeletan eta eskola-bizitzan sustatzea
Hezkuntza-arloan, Planaren helburua da herriko bi ikastetxeetan euskaraz mintzatzea eta Debako ikasle guztiak, DBH amaitzerako, euskaldun aktiboak izatea. Horrela, ikastetxeak hizkuntza sustapen guneak bihurtuko dira. Era berean, beste helburu nagusietako bat da eskolan zein kalean euskararen erabilera % 70era igotzea.
Horretarako, planak hainbat ekintza jasotzen ditu, hala nola jolas-garaian euskarazko jokoak sustatzea, ahozkotasuna bultzatzeko ekimenak sustatzea (bertsolaritza, antzerkia, ipuinak...), ikasturtean zehar eta udan errefortzu-eskolak ematea, kanpotik datozen ikasleentzako harrera-plan bat egitea, hizkuntzaren transmisioa indartzeko adinekoen bisitak antolatzea, euskal hiztunen eta euskaldunak ez diren familien arteko topaketak egitea...
Aisialdia: Aisialdiko jardueretan euskararen erabilera handitzea
Aisialdi-arloaren ardatz nagusia da euskarazko jolas-jarduerak sustatzea, bereziki gazteenei zuzenduta. Horretarako, aisialdirako espazio eta ekintza guztietan, udalekuetan, udako programetan eta Gaztelekuko jardueretan, esaterako, euskaraz egitea sustatuko da. Gazteek euskaraz harremantzeko eta aisialdiaz euskaraz gozatzeko guneak sortzea eta edukiak euskaraz kontsumitzera sustatuko da.
Horretarako, Planak ondorengo ekintzak proposatzen ditu: taldeko ginkanak, olinpiadak, Mihiluze, Egunean Behin, Euskaraokeak... modu sistematikoan antolatzea, Gozatuz programa berritzea eta indartzea,…
Kirola: Euskara kirol jarduera guztietan integratzea
Kirol arloan, aisialdian bezala, udalerriko kirol ekitaldi eta jarduera guztietan euskaraz egitea da helburu nagusia. Tokiko lehiaketetatik hasita, taldeen entrenamenduetaraino, planak ekintza desberdinak jasotzen ditu kirol modalitate guztietan euskara nagusitu dadin, entrenatzaileen prestakuntzan eta kirol araudietan eta baliabideetan euskara txertatzea barne.
Aurreikusitako ekintzen artean honako hauek nabarmentzen dira: euskara kirol elkarteen eguneroko kudeaketan txertatzea, kirol arloko erreferente euskaldunekin sentsibilizazio kanpaina bat egitea edo kirol elkarteetan euskara planak egitea, besteak beste.
Kultura: Euskal kultura sustatzea eta euskaraz egiten dela bermatzea
Kultura arloan, Udalak eta udalerriko kultur elkarteek antolatutako jarduera guztietan euskara nagusi izatea da Planaren helburua. Gainera, herriko jaietan zein gainerako ekitaldietan ikusgarritasun handiagoa emango zaio euskal kulturari eta, musika, hitzaldiak eta kultur jarduerak nagusiki euskaraz egitea bermatuko da.
Horretarako, besteak beste, urteko kultur egitaraua aztertuko da hizkuntzari dagokionez lehentasunak ezartzeko, nerabe eta gazteentzako kultur ekitaldiak indartuko dira edota kultur sorkuntza sustatu eta barraketan euskal musika jartzea bermatuko da.
Sentsibilizazioa: Euskararen garrantziaren kontzientzia indartzea
Sentsibilizazio arloa funtsezkoa da herritarrak euskararen alde mobilizatzeko. Horrela, helburu nagusia da 16 eta 30 urte bitartekoen artean euskararen erabilera % 70eraino handitzea eta adin tarte horretan ahaldundutako euskal hiztunen kopurua 20 puntu handitzea.
Horretarako, adin horretako pertsonen artean inkesta bat egingo da euskararekiko atxikimendu maila ezagutzeko, hizkuntza hitz egiten ez dutenentzat ikastaroak eskainiko dira, tailerrak, hitzaldiak, mahai-inguruak eta bestelakoak antolatuko dira, eta kontzientziazio kanpaina bat egingo da herritar guztiei zuzenduta, hizkuntza menperatzen ez dutenengan arreta berezia jarriz. Horrez gain, biztanle eta bisitari berriak Debako hizkuntza-kulturan integratzeko ekintzak sustatuko dira, euskararen zaintzan eta erabileran parte har dezaten.
"Debako Udalak euskararekiko konpromiso irmoa du eta euskara gure harremanen, kulturaren eta gure egunerokotasunaren ardatza izango den udalerri baten aldeko apustua egiten dugu. Plan hau datozen hamar urteetarako ibilbide-orria izateaz gain, etorkizun inklusiboago, anitzago eta euskaldunago baten eraikuntzan modu aktiboan parte hartzeko gonbita da", amaitu du alkateak.