Debako Udalak bere lehen Barne Berdintasun Plana osatuko du, udal egituran berdintasuna bermatzeko

2025ko martxoaren 20aDebako Udalak bere lehen Barne Berdintasun Plana osatuko du, udal egituran berdintasuna bermatzeko

Planaren helburu nagusia da genero-ikuspegia udalaren funtzionamenduan txertatzea eta erakundearen barruan tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzea. Dokumentua udaleko langile tekniko eta politikoen parte-hartzearekin eta Kalaka Koop. Elk. Txikiaren aholkularitzarekin landuko da, eta kontziliazioa, karrera profesionalaren sustapena eta jazarpenaren prebentzioa bezalako arloak izango ditu kontuan.

Debako Udalak berdintasunarekiko duen konpromisoan aurrerapauso garrantzitsua eman du, bere lehen Barne Berdintasun Planaren lanketari ekinez. Dokumentu hau datozen urteetarako ibilbide-orria izango da eta helburu du udaleko egituraren baitan emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna bermatzea, horretarako diskriminaziorik gabeko lan-ingurunea sustatuz eta langile guztientzat aukera berdinak eskainiz.

Prozesu parte-hartzaile eta egituratua

Berdintasun Planaren lanketa fase desberdinetan burutuko da eta horietan parte hartuko dute udal langile tekniko eta politikoek, Kalaka Koop. Elk. Txikiaren aholkularitzarekin. Lehenik eta behin, udalaren barne-egoeraren diagnostiko sakona egingo da berdintasunaren ikuspegitik, besteak beste, plantilla osatzen duten datuak, lan-baldintzak, barne-sustapena eta kontziliazio-neurriak aztertuz.

Diagnostiko horretatik abiatuta, lan-ildo nagusiak definituko dira eta atzemandako desberdintasunei aurre egiteko neurri zehatzak diseinatuko dira. Lanketa hori egiteko, halaber, Berdintasun Batzorde bat sortu da, plana benetako beharrei erantzuteko diseinatua izan dadin.

Berdintasun Planaren neurri nagusiak

Debako Udalaren Berdintasun Planak genero-arrakalak murrizteko eta berdintasunaren kultura sustatzeko ekintza ugari jasoko ditu. Horien artean, hauek dira aurreikusitako nagusienak:  

  • Udalean sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako diskriminazioaren aurkako protokolo bat sortzea, prebentzio eta jarduera mekanismo argiekin.

  • Berdintasunari buruzko prestakuntza udal langile guztientzat, bai langileentzat bai ordezkari politikoei zuzendua, genero-arrakala identifikatzeko eta ezabatzeko tresnak eskaintzeko.

  • Kontziliazio eta erantzunkidetasun-neurriak sustatzea, lan- eta familia-erantzukizunen banaketa hobetzen lagunduko duten politikak ezarriz.

  • Hautaketa-prozesuak eta barne-sustapena berrikustea, lanpostuetara iristeko eta karrera profesionala garatzeko aukera-berdintasuna bermatzeko.

  • Genero-ikuspegia udal-kudeaketan txertatzea, udalak hartzen dituen erabaki eta politikek berdintasun arloan duten eragina kontuan izan dezaten.

Epe luzerako konpromisoa

Neurri horiek ezartzeaz gain, Berdintasun Planak jarraipen eta ebaluazio sistema bat jasoko du, Planaren eragina aztertu eta beharrezko doikuntzak egiteko. Berdintasun Batzorde baten sorrera ere aurreikusten da, jasotako ekintzak betetzen direla bermatzeko eta udal-langileen parte-hartzea sustatzeko.

Ekimen honekin, Debako Udalak berdintasunarekiko konpromisoa berretsi du, eta lan-ingurune berdinzaleago baterantz urrats sendo bat eman du. Lehen Barne Berdintasun Plan hau, beraz,, udal-kudeaketan genero-berdintasuna txertatzeko eta errespetuan eta aniztasunean oinarritutako kultura antolatzailea sendotzeko bidean pauso bat gehiago da.