Debako Udalak udalerrira iritsi berri diren pertsonentzako Zerbitzuen Gida garatu du

2024ko ekainaren 19aDebako Udalak udalerrira iritsi berri diren pertsonentzako Zerbitzuen Gida garatu du

Pertsona iritsi berriek eskura dituzten zerbitzu eta laguntzei buruzko informazioa biltzen du gidak. Alazne Txurruka: "Deba harrera herria da eta gida honen bidez gure komunitatea osatzen duten pertsonen integrazioa erraztu eta hobetu nahi dugu".

Debako Udalak Zerbitzuen Gida bat prestatu du udalerrira iritsi berri diren pertsonentzat, haien integrazioa errazteko. Ekimen hau, Gobernu taldeak duela hilabete batzuk aurkeztutako 2023-2027 Legealdi Planean jasota dago.

Alazne Txurruka alkateak adierazi duenez, “Deba harrera-herria da, eta gurera datozen pertsonek gure komunitatearekin bat egin dezaten nahi dugu, horregatik, eskura dituzten zerbitzu eta laguntzei buruzko beharrezko informazio guztia jasotzen duen gida osatu dugu, iritsi berriek gure udalerria hobeto ezagutu dezaten, haien integrazioa errazteko eta hobetzeko".

Gidaren edukiak

Zerbitzuen gida hainbat ataletan egituratuta dago, eta iritsi berrientzako oinarrizko informazioa eta funtsezko baliabideak biltzen ditu:

  1. Erroldatzea: udal erroldan izen emateko moduei buruzko informazioa eta horrek dakartzan eskubideak: osasun publikorako laguntza, seme-alaben oinarrizko eskolaratzea, gizarte zerbitzuetatik eskaintzen diren baliabideak etab.
  2. Gizarte Zerbitzuak: Autonomia pertsonala sustatzeko, babesgabetasun eta bazterkeria egoeretatik eratorritako beharrei erantzuteko eta gizarteratzea sustatzeko eskuragarri dauden zerbitzuen deskribapena.
  3. Asistentzia sanitarioa: osasun publikorako sarbideari, osasun-txartela lortzeari eta Deban dauden osasun-zentroei buruzko xehetasunak.
  4. Hezkuntza: Haur, nerabe eta helduentzako hezkuntza-eskaintzari buruzko informazioa, ikastetxeak eta eskura dauden ikastaroak barne.
  5. Etxebizitza: Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren programak eta laguntzak etxebizitzak erosteko eta alokatzeko, Etxebideri eta Alokabideri buruzko xehetasunekin.
  6. Berdintasuna: Emakumeen eta gizonen arteko aukera-berdintasuna bermatzeko politikak eta helburuak, eta genero-indarkeriaren prebentziorako eta arretarako eskura dauden baliabideak.
  7. Euskara: Deban euskara ikasteko dauden aukerak, Euskaltegiaren informazioarekin eta eskuragarri dauden dirulaguntzekin.
  8. Enplegua: gertuko udalerrietan enplegua bilatzeko dauden baliabideak, Lanbide eta SEPE barne.
  9. Garraioa: Garraio publikoko zerbitzuei, autobus eta trenen ordutegiei eta taxi zerbitzuetarako harremanei buruzko informazioa.
  10. Udal instalazioak: Kirol eta kultur instalazioen deskribapena: kiroldegia, liburutegia eta Gaztelekua barne.
  11. Elkarteak: gure kultur eta gizarte ehunean ekarpen handia egiten elkarte eta eragileen zerrenda.
  12. Jaiak eta ohiturak: Debako jai eta ekitaldi tradizionalen egutegia, San Roke Jaiak eta urtean zehar egiten diren beste kultur eta jai jarduera batzuk nabarmenduz.

Harrera gida lau hizkuntzatan egin da (euskaraz, gaztelaniaz, arabieraz eta ingelesez), Debara iristen diren pertsonen jatorri aniztasunari erantzuteko. Gida eskuragarri dago udal webgunean eta herriko hainbat eraikinetan: udaltzaingoan, udaletxeko harreran, Gizarte Zerbitzuetan, Deba eta Itziarko anbulatorioetan, Luzaro eta Mendata eskoletan, udal liburutegian, Caritasen eta Correosen.