Debako V. literatur lehiaketako sari banaketa ostegunean egingo da ispiluen gelan
2019ko maiatzaren 14aDatorren ostegunean, hilak 16, Debako literatur lehiaketaren sari banaketa egingo da Agirre jauregiko ispiluen gelan.
Maiatzaren 16an, ostegunez, ezagutuko ditugu Deba 100 hitzetan V. literatur lehiaketako sarituen izenak, Debako Udaleko Kultura sailaren eskutik. Lehiaketa honetara aurkeztutako lanek ezin izan dute Deba 100 hitz baino gehiagotan deskribatu.
Aurtengoan ere gai konkretu baten inguruan idatzi behar izan dute parte hartzaileek; izan ere, entregatu beharreko lanek Debako San Roke ermitarekin izan behar zuten zerikusia. Guztira 55 obra aurkeztu dira aurten; 13, euskaraz; eta beste 42, gazteleraz.
Horietatik lau izan dira sarituak, bi euskara modalitatekoak eta beste bi gaztelerakoak. Guztira 1.400€ banatuko dituzte Debako Udalak eta Cardenas Fundazioak, 500 euro modalitate bakoitzeko lehen sarituarentzat; 200 euro, aldiz, bigarrenarentzat.
Lehiaketako irabazleak jakinaren gainean badaude ere, sari banaketa maiatzaren 16an egingo da, arratsaldeko 7etan, Agirre jauregiko ispiluen gelan. Aurkeztu diren lan guztiak Debako Udalaren eta Cardenas Fundazioaren eskuetan geldituko dira, baita hauen erreprodukzio eta hedapen eskubideak ere.
Astea borobiltzeko, Urak dakarren hitza izenburu pean hainbat ekitaldi antolatu dira. Bihar, asteazkena, kafe literatur tertulia egingo da Kultur Elkarteko liburutegian. 19:00etatik aurrera, bertaratzen den orok norberaren edo gustuko duen idazlearen poema edo testu bat gainontzekoekin elkarbanatzeko aukera izango du. Bestalde, larunbatean, eguerdiko 12:00etan, Kultur Elkartean Deba aldizkariaren digitalizazioa aurkeztuko dute.