Energia aurrezteko dekalogo bat osatu dute Luzaro eta Mendatako ikasleek, Eskolako 2030 Agendaren baitan
2025ko otsailaren 10aIkasleek proposatutako neurrien artean kontsumo baxuko argiak erabiltzea, etxeko aparatuak ECO moduan jartzea, dutxa laburren bidez argia eta energia aurreztea, argi naturala lehenestea edo garraio publikoa erabiltzea nabarmentzen dira, besteak beste.
Luzaro eta Mendata ikastetxeetako ikasleek energia aurrezteko aholku praktikoak jasotzen dituen dekalogoa osatu dute Eskolako Agenda 2030 ekimenaren baitan. 2023-2024 ikasturtean landutako ekimen honen helburua da energiaren erabileran ohitura arduratsuak sustatzea eta herritarrak jasangarritasunaren garrantziaz sentsibilizatzea.
Eskolako Agenda 2030 programa eskola-eremuan jasangarritasuna integratzeko diseinatutako ekimena da, ikasleen artean ingurumen-balioak eta klima-aldaketaren erronkei aurre egiteko ekintza zehatzak sustatzeko. Proiektu honen bidez, ingurunea babesteko ikasleen parte-hartze aktiboa bultzatu nahi da, horretarako ingurumen-arazoak identifikatuz eta konponbideak proposatuz.
Deban energia aurrezteko 10 proposamen
Ikasleek egindako dekalogoak egunerokotasunean energia-kontsumoa murrizteko neurri erraz eta eraginkorrak jasotzen ditu. Ekintza horrekin, eraginkortasun energetikoaren inguruan ikasleen ikaskuntza indartzeaz gain, beren ingurunea kontsumo arduratsuaren garrantziaz kontzientziatzen ere laguntzen du.
Debako Udalak, jasangarritasunarekiko duen konpromisoan, dekalogo horren zabalkundea bultzatu du, bertan jasotako gomendioak ahalik eta herritar gehienengana irits daitezen eta udalerrian energiaren erabilera eraginkorragoa sustatzen lagun dezaten.
Hona hemen energiaren erabilera eraginkorragoa sustatzeko ikasleek proposatutako aholkuak:
1. Bonbilak piztu aurretik argi naturala erabiltzeari lehentasuna eman.
2. Led bonbillak edo kontsumo baxukoak erabili.
3. Ez jarri berogailua 18ºCtik gora eta arropa egokia erabili gorputza bero mantentzeko.
4. Etxeko gailuak (garbigailua, lehorgailua, ontzi-garbigailua…) EKO moduan erabili.
5. Etxeko gailuak ez utzi ‘Stand by’ moduan, ez egunez, ez gauez; desentxufatu.
6. Tresna elektronikoak (mugikorra, portatila…) behar den denboran kargatu; gau osoa kargatzen ez utzi.
7. Ura eta energia arurreztu: dutxa motzak eta hortzak garbitzerakoan iturria itxi.
8. Leihoak irekita daudenean berogailua itzali.
9. Ahal denean energia berriztagarriak erabili.
10. Garraio publikoa erabili edo kotxea partekatu.