Udal liburutegiaren kudeaketaren inguruan azalpenak eman ditu Debako Udalak

2025ko otsailaren 10aUdal liburutegiaren kudeaketaren inguruan azalpenak eman ditu Debako Udalak

Udalak azpimarratu du egoera hau ez dela Udalaren edo udal gobernuaren kapritxo bat, ezta irmotasun edo borondate falta kontua ere; aitzitik, liburutegiaren 20 urte baino gehiagoko ibilbidean oinarritutako araudia da eta helburu bakarra du nagusi: espazioa modu errealistan eta erabiltzaile guztientzat ahalik eta modurik onenean kudeatzea.

Debako Udalak ulertzen ditu udal liburutegia erabiltzeko araudiaren inguruan sortu diren kezkak eta eskaerak. Gai hau, baina, hiru aldiz landu du zuzenean Liburutegia denontzat taldearekin, udal batzordeetan ere eztabaidatu da eta, horrez gain, Udalak argi utzi du publikoki gaiarekiko bere jarrera.

Debako Udalak ez du nahi eta ez da polemika gehiagotan sartuko, baina argi utzi nahi du, beste behin, egoera hau ez dela Udalaren edo udal gobernuaren kapritxo bat, ezta irmotasun edo borondate falta kontua ere. Liburutegiak 20 urte baina gehiago daramatza zabalik eta honen araudia, urte horietako esperientzia eta gertakarien isla da eta helburu bakarra du nagusi: espazioa modu errealistan eta erabiltzaile guztientzat ahalik eta modurik onenean kudeatzea.

Debako Udalak gaur egun dituen azpiegiturak ditu, eta ez du bestelako berrantolaketa ahalbidetu dezakeen espazio gehigarririk. Ez da borondate kontua, udal liburutegiak eskaintzen dituen aukera errealei erreparatzea besterik ez da. Eta hain zuzen errealitate horri erreparatuz, liburutegian erabilgarri dagoen espazioa mugatua da. Horregatik,  Liburutegia Denontzat taldearen aldarrikapenei jarraiki, Debako Udalak talde honen eskaerei erantzuteko araudia aldatuz gero, aldaketa horiek desoreka berriak sor litzakete,  ondorioz, beste erabiltzaile talde batzuengan eraginez (haur, gazte zein helduak) eta dagoeneko mugatua dagoen espazio honetako bizikidetza zailduz. Eta horrelakoetan, Udalaren ardura eta betebeharra da herritar guztien interesak eta beharrak zaintzea.

Liburutegiko kasura joz, erabilera araudian edozein aldaketa egitea Udalaren zuzeneko eskumena da, eta Debako Udalak interes orokorra eta espazioaren mugak kontuan hartuta hartu behar ditu erabakiak.

Debako Udalak jakin badaki egungo araudiak bere mugak dituela eta ezin dituela erabat ase herritar guztien nahi edota beharrak. Hala ere, egungo errealitatearen aurrean eta liburutegia espazio publiko bat izanik, Udalaren betebeharra da espazio honen erabilera ekitatiboa eta orekatua bermatzea, herritar guztien beharrei erantzuna eman ahal izateko.

Adin talde bakoitzak behar desberdinak ditu, eta behar horiei guztiei erantzuna eman ahal izateko espazio publiko bat kudeatzea ez da lan erraza. Debako Udala kontziente da egungo araudia ez dela erabiltzaile guztien gustukoa, baina berresten du araudi horrek ez diola borondate falta bati edota erabaki arbitrario bati erantzuten; liburutegiko araudiak espazio hori herritar guztientzako gune funtzionala eta irisgarria izateko beharrari erantzuten dio.

Udalaren lehentasuna  da herritar guztiei ahalik eta zerbitzurik onena bermatzea, ahalik eta modu ekitatibo eta eraginkorrenean, betiere, bizikidetza bermatzeko eta herritar orori kulturarako sarbidea errazteko helburuarekin.