Zabalik da “Deba 100 hitzetan” literatur lehiaketaren IX. edizioan parte hartzeko deialdia
2025ko otsailaren 7aDebako Udalak eta Cardenas Fundazioak antolatuta, lehiaketak Debari buruzko euskarazko zein gaztelaniazko kontakizun labur onenak sarituko ditu beste behin. Lanak martxoaren 16ra arte aurkeztu ahal izango dira Turismo Bulegoan.
Debako Udalak eta Cardenas Fundazioak “Deba 100 hitzetan” literatur lehiaketaren IX. Edizioa abiatu dute, beste urte batez, herrian oinarritutako kontakizun laburren bidez sormena eta idatzizko adierazpena sustatzeko helburuz.
Bederatzigarren edizio honetan, interesa duen orok parte hartu ahal izango du, lanak euskarazko edo gaztelaniazko modalitatean aurkeztuz. Hala ere, lehiaketaren izenak berak adierazten duen bezala, aurkeztutako lanek gehienez 100 hitz jaso beharko dituzte, izenburua kontuan hartu gabe, eta horien edukiak Debarekin, haren historiarekin, paisaiarekin edo herriarekin, zuzenean edo zeharka, zerikusia duen beste edozein alderdirekin lotuta egon beharko dute.
Lanak originalak eta argitaragabeak izango dira, eta paperean edo formatu digitalean aurkeztu ahal izango dira. Edozein kasutan, epaimahaiaren inpartzialtasuna bermatzeko, lanak ezizen batekin auzkertu beharko dira eta aparteko gutun-azal batean sartuko dira obraren egilearen datu pertsonalak: izena, abizenak, adina, telefonoa, helbidea eta helbide elektronikoa. Lanak aurkezteko azken eguna martxoaren 16a izango da, 14:00etan, Debako Turismo Bulegoan.
Sei sari, bi modalitatetan banatuta
Lehiaketaren baitan guztira sei sari banatuko dira, modalitate bakoitzeko hiru, alegia (euskara eta gaztelera) eta irabazleak epaimahai bitartez aukeratuko dira.
Lehen saria 300 eurokoa izango da, bigarrena 200 eurokoa, eta, azkenik, 150 euroko sari berezi bat emango da saritu gabeko Debako lan onenarentzat.
Amaitzeko, lan guztiak Debako Udalaren eta Cardenas Fundazioaren jabetzakoak izango dira, eta horiek erreprodukzio eta hedapen eskubideak gordeko dituzte, betiere egiletza aipatuta.