Jose Ignacio Urbieta Egaña (1915-1999)
Jose Ignacio Urbieta Egaña Deban jaio zen 1915eko abenduaren 24an, Lersundi kalean, Zubeltzu dorre zaharreko lurzoruan. Haren gurasoek garai hartako denda tipiko bat zuten bertan. Gregorio, Jose Mari eta Javiera haren anai-arrebak ere etxe berean jaio ziren.
1941-1958. urteetan egin zituen kirol jaduerengatik ezaguna izan bazen ere, bere lan publiko aipagarrienak lan artistikoak dira. Sormenerako gaitasun nabarmenak zituen, eta imajinen egilea eta dekoratzailea izan zen. Estudio-tailerrak Donostian, Gasteizen eta Deban izan zituen, eta bere lanen artean nabarmendu ditzakegu Debako elizako sakristiaren eta Berriatuako kupularen zaharberritze lanak. Dena dela, erraldoien eta buruhandien fabrikatzaile gisa lortu zituen errekonozimendu handienak.
Oinarrizko hezkuntza Deban jaso zuen, baina ikasketak Bartzelonako Sarriako salestarren ikastetxean osatu zituen. Han, beharbada Simon Berasaluzerekin, kristalari maisu handiarekin, batera arituko zen; hura ere debarra, bera baino lau urte zaharragoa.
Amaikak Bat taldean hasi zen futbolean jokatzen 1933-34 denboraldian. Gerra Zibilaren ostean, Gasteiza joan zen imajinen egile eta dekoratzaile gisa lan egitera, eta Deportivo Alavesen jolastu zituen bi denboraldi. Benito Diaz Realeko entrenatzailearen eskutik, Realean aritu zen. 62 partidu jokatu zituen 1941-42 denboralditik 1945-1946 denboraldira arte. Bere futbolari ibilbide profesionala Osasunan bukatu zen 1946an, 31 urte zituela. 1947-1948 denboraldian Amaikak Bat taldera bueltatu zen futbolari, entrenatzaile eta klubeko zuzendaritzan aritzeko. Amaikak Bateko presidente bezala ere lan handia egin zuen, garai hartan eraiki baitzen Errotazar futbol zelaia.
1949-50 denboraldian, Benito Diazek Realeko bigarren entrenatzaile lanetarako deitu zion. Entrenatzaile titulua lortu, eta Gipuzkoako preparadoreen eskolako irakasle izendatu zuten. Benito Diazi erreleboa hartu, eta Realeko entrenatzailea izan zen 1955-56 denboraldira arte. Bederatzi denboraldi egin zituen entrenatzaile moduan: bost Realean eta denboraldi bana Murtzian, Tenerifen, Las Palmasen eta Barakaldon. 1958an utzi zuen futbola.
Amaikak Bat 1933-34 denboraldia
Realean, Jose Mª Izagarekin, Patri Egidazurekin eta Eduardo Chillidarekin
Jose Ignacio Realeko kamisetarekin
1946ko maiatzaren 15ean, Maria Teresa Egaña Eraña debarrarekin ezkondu zen. Ezkontza Itziarko parrokian ospatu zen, eta gonbitea Egaña Jatetxe Hotelean, Maria Teresaren familiarena zen hotelean hain zuzen ere. Familia eder askoa osatu zuten: 7 mutil eta 8 neska.
Gizon ekintzailea, hainbat etxebizitza eta negozioren sustatzailea izan zen, batzuk oso esanguratsuak debarrontzat, hala nola Zubelzu zinema, Zubelzu kafetegia (gaur egun Oskarbi) eta submarino disko-taberna.
Aipagarria da, halaber, Jose Ignaciok Ozio-Bide kultur eta aisialdi elkartearen bazkide sortzaile eta lehendakari bezala egin zuen lana. Baita Ozio-Bide elkarteko danborradan ere, danborrada bera sortzeko, eta baita danborradako errepertorioa aberasteko ere, Pablo Sorozabal maisuarekin izan zuen harreman estua medio.
Ozio-Bideko danborrada jotzen
Pablo Sorozabalekin eta Jesus Guridirekin
1996an Ozio-Biden jaso zuen omenaldian
1956an, Sorozabal maisuak Hirugarren kalez kale izeneko martxa militarra eskaini zion Ozio-Bide elkarteari, Debako Udal txit gorenararen ohoretan konposatua eta danborradan interpretatzeko. "Debako Martxa" bezala ezagutzen da, eta benetan bihurtu da gure herriko ikur esanguratsuenean.
Sorozabal maisuak polka bat ere eskaini zion Ozio-Bide elkarteari, "Ozio-bideko polka" izenekoa; Jose Ignacio Urbietak propio eskatuta konposatu zuen, eta Jose Ignaciok berak piezarako sarrera gisa proposatutako hiru kolpe lehorretan oinarrituta dago.
Jorge Oteizarekin ere harreman handia izan zuen, hura Deban egon zen 10 hilabeteetan, 1969an, Debako Arte eskolan aritu zen hilabeteetan, hain zuzen ere.
1999ko maiatzaren 17an hil zen, Debarren Egunean egin zitzaion omenaldiaren biharamunean, Debako erraldoi eta buruhandien lehen alardea egin eta gero.
Erraldoien eta buruhandien fabrikatzailea
XX. mendeko laurogeigarren hamarkadaren azken urteetatik aurrera, Jose Ignacio Urbietak areagotu egin zituen erraldoi eta buruhadien fabrikatze- eta zaharberritze-lanak. Batez ere teknika tradizionalak erabili zituen arren, askotariko teknikak menderatzen zituen, moldekatze teknika esaterako, eta bere irudi batzuk Capak Argandan (Madril) zuen tailer ezagunean eta Debako Arte Eskolan moldatu zituen.
Berritzeko zuen gogoa agerikoa da bere obra osoan, eta azken lanetan beirazko zuntza ere erabili zuen. Informazio gutxi dago, eta ez da bere lana zehatz-mehatz ezagutzen. Nolanahi ere, garrantzitsua behar zuen izan, halako lanetan espezialistak ziren artisauek etengabe aipatzen baitute.
Bere lan nagusien artean, hainbat udalentzat egindako pertsonaiak aipatu behar dira, besteak beste: Deba, Donostia, Legazpi, Elgoibar, Aretxabaleta, Zarautz, Oñati, Lekeitio, Arrasate, Basauri eta Bilboko udalentzat egindakoak. Asko eta asko Jose Ignaciok berak asmatutakoak. Debarako egin zituen erraldoiek Jose Izaga "Pepe Izaga" eta Carlos Alcibar "Carlos Monte" irudikatzen dituzte, eta guztien gorespena jaso zuten, erakusten duten errealismo eta akabera bikainagatik. Bere obra guztiak markatzen dituzten bi ezaugarriak, alegia.
Erraldoiak, buruhandiak eta antzeko irudiak zaharberritze-lanetan errekonozimendu handiko espezialista bihurtu zen. Kale animaziorako ere erabili zuen bere trebetasuna, eta aipagarriak dira egin zituen karrozak, batzuetan Debako kondaira tradizionalak eszenifikatzen, baita diseinatutako hainbat eta hainbat traje eta jantzi ere.
Artista debarrak omenaldi eta aitormen asko jaso zituen erraldoi eta buruhandi konpartsengandik, besteak beste, Donostian eta Deban. 2009an, Debako Udalak, Debako Alardearen 10. urteurrena betetzen zela, Erraldoi eta buruhandiak - Gigantes y cabezudos 1999-2009 liburua argitaratu zuen Jose Ignacio Urbietaren omenez, artista debarrak erraldoi eta buruhandiak sortzen egindako lanarengatik.
- Bibliografia:
- "El futbol profesional en Deba". Deba Aldizkaria Uda 1993.
- "Jose Ignacio Urbieta, fabricante de gigantes y cabezudos". Deba Aldizkaria Udaberria 2004.
- "Amaikak bat futbol taldea. Urteurrena 50 Aniversario". 1996.
- "Erraldoi eta buruhandiak. Gigantes y cabezudos 1999-2009". 2009.
- "Debako Erraldoiak". San Roke festetako programa 2008.
- "Ozio-Bide 75 urte 1942-2002". 2022.