Jose Izaga Garaizabal "Pepe Izaga"
Jose Izaga Garaizabal Oñatin jaio zen 1888an eta Deban hil zen 1958. urtean, 70 urte zituela.
Musika ikasketak egin eta Banda Zuzendaritzan sartu zen. 1913an etorri zen Debara Udal Bandako zuzendari moduan 1936ko uztailera arte, Gerra Zibilagatik Debatik alde egin zuen arte. Kargutik kendu zuten, bere funtzioak bertan behera lagatzeagatik, eta zigortu Erregimenaren aldekoa ez izateagatik.
Deban zegoela ezkondu zen Oñatiko Carmen Guereta Egañarekin, bi seme-alaba izan zituzten: Jose Mari eta Miren Izaga Guereta.
Izaga-Guereta familia.
Debako Banda gerra baino lehen.
Belloy gazteluan, Eresoinkako egoitzan, agurra dantzatzen.
Arrakasta handiak lortu zituen Debako Bandaren zuzendari gisa, besteak beste, 1915ean Donostian izan zen Gipuzkoako Banden Alardean. Hainbestekoa izan zen, hura gogoratzeko harpidetza bidez batuta sinboliko bat oparitu ziotela.
Erbestean, parte hartu zuen Eresoinka abesbatzan (Agirre lehendakariaren aginduz sortutako taldea, Euskal Herriaren kultur irudia emateko). Ramon Irusta tenore debarrarekin bat egin zuen, eta Europako hainbat hiritan aritu ziren 1937-1939 bitartean.
1950.ean "birgaitu" eta gero, Legazpi, Cenicero (Errioxa) eta Lekeitioko Bandetako zuzendari postuak eskatu zituen, baina gaixotasunagatik laga egin behar izan zuen bere lanbidea.
1980. hamarkadaren erdialdera, Jose Ignacio Urbietak proposatuta, Debako Udalak bere omenez erraldoi bat egitea erabaki zuen.
- Erraldoiak eta buruhandiak - Gigantes y cabezudos 1999-2009. Debako Udala. 2009.
- Izaga-Gereta: Oñatiko familia bat Deban. 2008.
- Notas Musicales. DEVA Organo del centro de jóvenes. 1960.