Sasiolako harrobiaren barnealdean kokatua dago, arkeologiaren aldetik oso ingurune garrantzitsuan. 29 piezaz osaturiko 5 lepoko topatu dira bertan (horien artean, Venus izenekoa); bai eta margotzeko arkatzak eta margoak ere. Azken hamarkadetako aurkikuntzarik garrantzitsuenetako bat izan da Euskal Herrian eta Europako Goi Paleolitikoaren aipagarrienetarikoa. Ezaugarri garrantzitsuena orain dela 15.500 urte erritual gune bezala erabiltzen zela da; inguruko haitzuloetako biztanleentzat toki erreferentziala baitzen nonbait, eta ez beraientzat bakarrik, baizik eta urrunekoentzat ere. Uste da ekintzak nolakotasun bereziko pertsona bakar batek egiten zituela.
Ondare arkeologikoa
Debak ondare arkeologiko garrantzitsu eta oparoa du. Udalerriko orografia zabala osatzen zuten kareharrizko mendiek dolinen, lur azpiko haitzulo handien eta leizeen sorrera erraztu zuten eta horietan historiaurreko gizakiak bizi izan ziren.
Berrogeita hamar haitzulo eta aztarnategi baino gehiago daude Deban eta hauetako batzuetan Euskal Herriko historiaurreko garrantzitsuenak daude. Ekain, Praileaitz, Ermitia eta Urteaga leizezuloetan labar-margoak eta material litiko zein faunistiko ugari aurkitu dira. Aurkikuntza hauek euskal historiaurrearen ikerketa egiteko ezinbestekoak dira.